Begibakarraren Istorioa

Lan honek Begibakar deituko diogunaren istorioa kontatu nahi du, hiru pasarteetan zatituko dena. Begibakar, gizaki eta piztiaren arteko mugan dago, giza erretratua eta bisontearen artean. Gizakiaren pasio eta bisontearen traszendentziaren arteko transmutazio bat aurkitu dezakegu azala gelaren paretetan itsasten denean, izaera iraunkorra hartzen duenean alegia. Eta leiho bakarra dauka gelak barrura eta kanpora begiratzeko. Bisonte begia. Begi bakarra. Izugarria edo xamurra izan daiteke ikusten dena, baina begiak ez du epaitzen, begiratzen du soilik.

Bitartean galdetu egiten diogu, “non zaude begibakar?” Hau da istorio guztian zehar gure buruari egingo diogun galdera.

Bigarren pasartean, itsasontzi baten bidaiariak, artikoko ur hotzetan hondoratu ondoren salbatu zen hark, begibakar ikusi zuela aitortzen du. Eta zioen, bidaiaren erdialdean itsasora salto egin zuela, zergatirik eman gabe. Pista bat eman zigun bere nondik norakoa ezagutzeko. Baina oraindik ere ez ginen Begibakarraren transmutazioa ulertzera heldu. Azkenik, espedizio bat antolatuko da gure pertsonaia bilatu eta aurkitzeko. Gizon talde batek osatzen du leku hotzetarako bidai hau. Leize izoztuetan dagoela antzematen dute, lur izoztuan irekitzen diren zulo ilun hoietan. Beldurra ematen du barrura sartzeak, baina urtutako erreka bati jarraituz barrura doaz, misio bat dute… Hemen hasiko da haien benetako aurkikuntza.

Gure arbaso eta lehenagokoek bezala argia daramate eskuan, suzia bailitzan. Elkarri hitzik esan gabe denek pentsatzen dute “ez dago munduan leku hau baño leku urrunagorik”.

Hiru egun jeitsiera arriskutsuan ihardun ondoren, areto izoztu handi batetara iristen dira, ez dago aurrera jarraitzeko modurik. Bertan galdetzen diote bere buruari zentzua ote duen bere espedizioak. Nekeak, beldurrak, isiltasuna eta zoriaren ondorioz, banan banan, aurkikuntza bat egitera doaz.

Gure lehenagokoak, gu orain garena, argi-zuzia bidea argitzean, eta geroa, hau da, maitasuna eta esperantza, dena dago munduaren bukaerako areto horretan.

Norbere pasioak, norbere proiekzioak eta mundu honetan norberaren lekua bilatzeko beharrak, jada, ez du horrenbeste garrantzirik, dena daramagulako gainean, dena zor eta oparitu zaigulako. Horregatik, Begibakarrak gonbidapena luzatzen digu, “eseri zaitez nire alboan eta begira dezagun bizitza ikusgarri hau.”

xabi bandini